XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da ezer desegokiago izaera goren batez, amaigabe batez eta jainko batez maisuki eta era gurgarrian hitz egitea baino, probidentzia sekula aipatzen ez den artean eta ez denean onartzen adimen batek zuzendutako ordena dagoela munduan.

Zeren gauzok ulertzen direnean, eta benetazko teologia ezagutzen denean, bere jakintza ez baita lehorra eta antzua; alderantziz, beretik ezinbestez ateratzen diren ondorioek gu ekinbidean jarriko gaituzte eta gure eraspen sendoenei norabidea emango die.

Erlijioaren betebehar guztiak hemendik ateratzen dira, argi eta garbi, eta ez dago salbuespenik errebelazioak ezarritako arau nagusienei dagokienez.

Orain, bada, jakin nahi baduzu ea gure laguna, benetan eta zinez, azken teologo hauen artekoa den, bere hipotesien ondorioei begiratu beharko diezu.

Ikusiko duzu ea espekulazio hutsean geratu beharrean ekintzara daramaten.

Eta poztuko zara, seguruena, ikustean jendeak, oro har, erlijio handitzat jotzen duen egitura jaso dela, zeina bakarren batzuk, noski, entusiasmotzat baino ez duten jotzen.

Zeren zuri galdegiten dizut, Filokle: ba al dago ezer teologian zure ustez entusiasmoarekin antz handiago duena jainkozko maitasunaren nozioa baino?

Lurtarra, sentipenezkoa eta berekoia den orotik urrundua dago.

Maitasun bakuna, hutsa eta nahasigabea da; bere baitango izatearen goitasun soila baino ez du hartuko gai bezala, eta zoriontasunezko pentsamendu bakar bezala bere bakarkako gozamena hartuko du.

Orain suposatzen dut, ausarta izanez, onartuko duzula nire laguna erlijioezatik nahiko urrun dagoenaren froga mamitsu gisa zera: balio duela erakustea nozio hori bereganatu duela, eta pentsatzen duela teologiaren arazo nagusi hau argitu egin daitekeela, are erlijioari kontrajartzen zaizkion horientzat ere ezagunak diren argumentuekin.